
Rialia Industria Museoak surfaren aitzindariak nabarmendu nahi ditu; hots, 1960ko hamarkadan, gazte zirelarik, surfean hasi zirenak, artean, kirola baino areago, pentsamoldea edo bizimodua zelarik.
Portugaleten aztarna sakonak utzi zituen industrializazioak. Herriak, beraz, moldatu behar izan zuen itsasadarra, garaiko ekonomiaren gorakadari aurre egin nahian. Horiek horrela, Evaristo Churruca ingeniariak burdinazko kaia egin zuen Portugaleten, itsasadarrean nabigazioa errazteko. Burdin kaiari esker euskal industriak areagotu egin zituen esportazio eta inportazioak eta ederki lagundu zion Euskal Herriko industriaren garapenari.
Burdin kaiak eraikita, desegin zen itsasadarreko hareazko barra eta goitik behera aldatu zuen aspaldiko paisaia hura, gaur egun surfaren paradisua izango zena. Izan ere, gaur egun euskaldunak nazioartean dira aitortuak surfean eta horren frogagarri gisa daukagu Euskal Herrian industria handia sortu dela surfaren inguruan, enpresa batzuk, batez ere taulak egiten dituztenak, oso ezagunak direlarik; hala nola Pukas, Styling, Seland, Watsay, Eukaliptus…
Taulagintza surfaren grina bizi zutenei zor diegu. Garai benetan latzak ziren haiek; diktadurapean bizi zirela, gazteek ezin zuten erraz jo Frantziara taulak erostera. Beharrak bultzatuta hasi ziren, beraz, euren taulak fabrikatzen. Aitzindariok bi arazorekin egin zuten topo: batetik, ez zuten taulagintzaren teknikaren berri eta, bestetik, zertaz fabrikatu, lehengairik ere ez zeukaten.
Hala ere, 1970eko hamarkadan etorri ziren Euskal Herrira Australiako, Ameriketako eta Ingalaterrako turistak, surflariak batzuk, eta konturatu ziren euskal hondartzak guztiz aproposak zirela surfean egiteko. Bereziki gustatu zitzaizkien Mundaka, Zarautz, Sopela eta Bakioko olatuak eta gero eta denboraldi luzeagoak ematen zituzten gure artean. Horrela, parada izan zuten euskal gazteriari taulagintza irakasteko eta hainbat industria proiekturi ekiteko. Taulagintzak 70 eta 80ko hamarkadetan beste eragozpen bat izan zuen: hots, lehengaia topatzea. Atzerriko surflariak zirela medio, zenbait hornitzailerekin harremanetan jartzeko eta materiala, alegia, foanak, topatzeko aukera izan zuten. Harako hartan, material hura Australiatik eta Estatu Batuetatik inportatzen zuten, Txurruka kaiari esker Bizkaira iristen ziren edukiontzietan, hain justu ere.
Surf kultura euskal kostaldean erakusketak euskal taulagintzaren historia islatu nahi du, nazioartean aintzatespena erdietsi baitu eta lotura handia baitu surf ideologikoaren alde borrokatu ziren aurrendariekin. Izan ere, beraiei zor diegu surfa kiroltzat jo izana. Egun, surfak Euskal Herriko Surf Federazioaren sostengu instituzionala du, Bizkaiko eta Gipuzkoako federazioena eta hainbat komunikabiderena ere bai, besteak beste, 3Sesenta edo Surfer Rule aldizkariena. Horrek guztiak bide eman dio euskal surfari nazioartean ospea lor dezan.
Amaitzeko, beste enpresa paralelo batzuk ere aipatu beharrean gaude; esaterako, surfean aritzeko neoprenozkoak egiten dituztenak. Espainian orain neoprenozko trajeak egiten dituen lantegi bakarra Seland dugu, egoitza Sopelan duelarik.