
Mari Dapena (1924-1995) artista garrantzitsua izan zen. Besteak beste, Agustin Ibarrola eta Ismael Fidalgorekin batera bultzatu zituen Bizkaian egin ziren lehen erakusketa ibiltariak (1956), Agustin Ibarrola bera eta Dionisio Blancorekin elkarlanean sortu zuen Bizkaiko Estampa Popular taldea (1961) eta Emen (1966) eta Indar (1970) taldeetako partaide izan zen.
Modu aktiboan ekin zion frankismoaren aurkako borrokari, besteak beste, bere etxeak espazio antifrankista bihurtuz. Ekintza hauek bide, gartzelan sartu zuten (1962-1964). Era berean, etenik gabe egin zuen lan gizarte bidezkoago baten alde herriarentzat garaian guztiz ezezagunak ziren jarrera feminista eta ekologistak defendatuz.
Azken batean, bere bizitza guztian zehar egin zuten bat politikak, gizarteak eta arteak. Obrek bere pentsamenduak islatzen dituzte, politika edota gizartea bere bizi ikuspegiaren galbahetik iragazten baititu. Pertsonak, era guztietako eszenak, paisaiak, bizipenak eta amets eta desirak irudikatzen zituen teknika aberastasun handi batez, olioa, grabatua, eskultura, idazkera edota marrazketa erabiltzen baitzituen.
Riala industria Museoak erakusketan Mari Dapenaren lan- zati bat aurkezten digu. Izan ere, batzuetan marrazkiak, alegia, bozeto soilak ditugu; besteetan, aldiz, lan amaituak. Halaber, Enkarterrietako Museoan eta Bizkaiko Batzar Nagusietan erakusgai egon diren olioak eta taulak baditugu erakusketa osatze aldera.
Izan ere, Mari Dapenak bere bizitza osoan zehar landu zituen marrazketa, pintura eta eskultura, batzuetan modu obsesiboan. Mota guztietako eszenak irudikatu zituen eta batzuetan era askotako teknika eta materialak erabili zituen, paper xumeenetik marrazketa koadernoetara iritsiz; batzuetan arkatza, besteetan errotuladorea, askotan boligrafoa edota argizariak. Maiz irudikatzen zuen gai bera olioa, eskultura edota grabatua erabiliz, ohikoa baitzuen lan bera formatu ezberdinak erabiliz irudikatzea.